2021(e)ko azaroaren 18(a), osteguna

Proiektu berri baten murgildurik

 Aurreko sarreran nire lan bilaketa prozesua proiektu sozialago batetara bideratu nahi nuela komentatu ondoren, hemen natorkizue zertan nabilen komentatzera. IMME izeneko elkartearen bidez, beste herrialde batzuetatik etorritako pertsonen seme alabekin nabil lanean. IMME, emakume musulmanek eraturiko elkarteak, beraien seme alabentzat errefortzu eskola martxan jarri du Arrasateko egoitzan eta bertan nabil urritik hona irakasle lanetan.

Esperientzia berria da niretzat eta beraz erronka berri bat. Kultura ezberdin askotako hamabi eta hamabost urte bitarteko gaztetxoekin hartu emanetan jartzeko aukera eskaintzen dit, eta zentsu horretan aberatsa den esperientzia bizitzeko aukera daukat. 

Gaztetxo hauek esperantzaz beteriko etorkizuna irudikatzen dute momentu oro, baikortasuna eta bizi poza adierazten duten gazteak dira, aurrera begiratzen duten gaztetxoak. Gure artean aurrera egiteko zailen izango duten giza taldea da, marokoar eta pakistandarren seme alabak dira gehienak. Bi herrialde hauetako herritarren seme alabak, hemen jaiotakoak eta euskara ezagutzen dutenak. Beraien sozializazio prozesuan hizkuntza ezberdinak ezagutu dituztenak. Etxean ama hizkuntza darabilte; arabiarra, berberera, urdua edo besteren bat. Kalean gaztelania nagusiki eta eskolan euskara. Horrez gain, marokoar jatorria dutenen artean frantsesa dakitenak ere badira.

 Astelehen eta asteazkenetan izaten dira eskolak, eta hauek partaideen beharretara egokitzen ditut. Lehendabizi bakoitzaren historia ezagutzen dugu, nondik datozen, familian zenbat diren, non bizi diren, nola bizi diren eta abar luze bat. Pertsona bakoitzaren ingurunea zein den ezagutzea funtsezkoa da, bizi duten errealitatea ezagutu eta zein zailtasun dituzten aztertzeko. Guzti hauek konfiantzazko erlazio bat hasteko pausuak dira, gertutasuna eta esku zabaltasuna adieraziz. Hala ere batzuetan ez da erraza. Alde batetik gurasoekin komunikatzeko hizkuntz arazoak ditugu, beraietako askok gaztelaniaz edo euskaraz mintzatzeko zailtasunak dituzte.

Bidea ez da erraza izango baina azken helburua gaztetxo eta familia hauei eskolako lanekin laguntza eskaintzea da.


2021(e)ko irailaren 7(a), asteartea

Lan bilaketan berriz ere

 Kurtso berriarekin batera lan berri baten bila hasi beharra daukat eta benetan neketsua da, adina aurrera doan neurrian are eta neketsuago. Hogei urte nitueneko garaietara itzultzea da baina hogeita bost urteko esperientziarekin, orduko xalotasunik gabe baina orduko urduritasunarekin. 

 Garaiak aldatu dira eta orain dena softagoa da. Erakundeak eta lan eskaintzaileak beraien proiektuak erakusleihoan jartzen dituzte hautagaiak erakartzeko. Gu berriz, beraien iragarkiak irakurtzean zer demontre eskatzen duten ere ez dakigularik gabiz. Ez dakit nolako esperientzia, besteko ezagutzak eta hizkuntza mailak. Izen emaileak dozenaka lanpostu bakarrerako, eta nire baitan pentsatzen dut, zertarako bidali hainbeste hautagairen aurrean.

 Egia da askotan dena pikutara bidali eta lanik egin gabe bizitzeko hautua egitearena ere burura datorkidala. Orain arte aurreraturiko diruarekin eta beste lan txikiren batzuk eginda bizitzeko moduan egongo nintzateke gelditzen zaizkidan urteak. Baina bestalde, nire buruak aurrera egiteko eskatzen dit, eta egindako prestakuntza eta jakintzak aplikatzeko aukera emango didan proiekturen baten sartzera bultzatzen nau. Ez da erraza guk bizi dugun gizarte desarrollista honetako kate bat gehiago izateko esfortzua egitea. 

 Momentuz ez dut zirrikiturik aurkitzen non alternatiba diren proiektuetan murgiltzeko. Ba nabil batean eta bestean ate joka baina ez dut erantzunik jasotzen, bueno bai zorte on. Hurrengo hamar urtetan gizartearen hobekuntzan eta bizi poza ekarriko didan proiektu baten murgiltzea da nire helburua. Ez dut gauza handirik eskatzen, soldata duin bat eta benetan lanera joateko motibatzailea izatea. Posible izango al da? 

 Errealitateak berriz horrelako lanetan ari diren pertsonak gero eta gutxiago direla erakusten du, nire adineko pertsonak, berrogeita hamar urtetik gorakoak, desiratzen daude erretiroa hartzeko eta itxura baten ondo daude lanean beste hamabost urtetan jarraitzeko. Zer demontre gertatzen zaigu?


2021(e)ko ekainaren 7(a), astelehena

Orientazio mundutik haratago etapa berri bat irekitzen

 Pertsona batzuentzat jubilazioa noiz hartuko duten pentsatzeko garaia den bitartean beste batzuentzat proiektu profesional berriak hasteko momentuak dira.

Sei urte izan dira Mondragon Unibertsitatean lan orientatzaile lanetan, tartean komunikazio teknologiek eskaintzen dituzten aukerak azaltzen aritu naiz, Bergarako KZgunean eta Arrasateko udalean. Prestakuntza mailan berriz, berrikuntza sozialean masterra bukatzeko aukera izan dut eta HUHEZIk antolaturiko Berrekin Berregin programan parte hartu dut beste hainbat gazterekin batera. Beraz azkenengo bederatzi urte hauek  oparoak izan dira bai arlo profesionalean zein pertsonalean.

Orain berrikuntza sozialean oinarrituriko proiekturen baten murgiltzeko asmotan nago. Deia luzatzen dut parte hartu nahi duen beste norbait balego elkarrekin bide berria hau hasteko. Bakarrik ekitea latza izaten da eta horregatik deia luzatzen dizuet. Ez da erraza bide berrietatik bakarrik abiatzea, baina gogoa eta kemena borborka ditugunean aurrera egitea besterik ez zaigu gelditzen.

Urteek ematen duten esperientzia bidelagun harturik etapa berri hau jubilatu berriak bezala pozez bizitzera noa.

2021(e)ko martxoaren 8(a), astelehena

Martxoak 8

 Martxoak 8 emakumeen eguna, aldarrikapen eguna. Konsuelo, amaren alde aldarrikatu nahi dut, bizitza guztia  ama, langile, zaintzaile lanetan aritu dena eta orain zaintza behar duen pertsona. 86 urte betetzeko eta beti familiakoak, lagunak, ondokoak nola dauden galdetzen duen emakumea. 

Familia izan da bere ardatz nagusia eta orain inguruan gaituenak laguntzeko prest egon behar dugu, oroimena ahultzen doan honetan, zein egunetan bizi den ez dakienean, ingurukoen laguntza da bere heldulekua. Eguneroko deia, nola lo egin duen, ondoren zein plan dituen, oraindik eguna antolatzeko gai da bere kabuz. Goizean jaiki eta gosaldu eta gero etxeko lanetan murgiltzen da, ondoren erosketak egitera joaten da ia egunero, eta eguerdi alderako etxera bueltatzen da. Bazkaldu eta lo kuluxka, ondoren lagunekin pasiera bat eta zerbait hartzen dute gozotegian. Iluntze aldera etxera afaltzera doa eta ondoren telebista ikusi eta ohera. Lo askorik ez du egiten gauez baina bere orduak sartzen ditu ohean. 

Urkizu baserrian jaioa eta hamalau urtetatik lanean, lehendabizi Bergaran eta udaratan Deban, hotelean zerbitzari lanetan. Donostiako hainbat jatetxetan ere zerbitzari lanetan ibilia ezkondu zen arte. Etxetik kanpo lan egiteko prest eta kooperatiban sartzeko eskaera egin zuen, baina ez zuten kontutan hartu, beraz ume zaintzaile lanetan aritu zen. Etxean lan egiteaz gain kanpoan ere ibili zen, senarra Bixente kooperatiban ibili zen bitartean. Biak jubilatu ziren batera, amak aitari esan zion, zu jubilatu zara eta ni ere jubilatzera noa. Hala ere aitak ez zuen inoiz etxeko lanik burutu, beraz ama ez zen inoiz jubilatu.

Ama alargundu zen eta bere inguruko anai arrebak desagertzen joan dira, horrek bere eremu soziala asko mugatu du, lagun minak ahizpak izan zituen. Mantentzen ditu bi, hiru lagun eta hauekin joaten da paseoan arratsaldero. Aurretik semearen bisita jasotzen du egunero, nola dagoen eta zerbait behar duen galdetzen dio. Esker oneko emakumea, inoiz ez du hitz bat bestearen gainetik esan, ezta aurpegi txar bat izan ondokoarentzat. Eskolan urte gutxiegi eman zituen eta hala ere seme alaberi bere lanari ezker ikasteko aukera eman zigun unibertsitateko ikasketak bukatu arte.

Konsuelok, amak badaki emakumeen egunak zer esan nahi duen, berak ere egitura matxisten ondorioak pairatu behar izan dituelako, bai etxean eta baita lanean ere. Etxean etxeko lanen banaketan guztion parte hartze eskasagatik, ama zen etxeko langilea, seme alabak zerbaitetan laguntzen genuen baina berak zeraman etxeko karga nagusia.

Kanpoko lana eramateaz gain ortuan ere ibiltzen zen larunbatetan aitarekin batera, gure bizitzan ama izan da motorra, eta bera da gure babesle eta inspirazioa. Aita etxean gutxi egoten zen, gauean afal orduan baina bestela ez genuen bere laguntzarik.

Gauza berririk ez dut esan orain arte, baina seme alabak kontziente gara egoera irauli dela eta orain gure etxeetan ez dela gurean bizi izan genuen egoera bera. Hobera joan da dena, orain gurean etxeko lanen banaketa berdintasunean oinarritzen da. Hala ere lan arloan eta beste arlo askotan bide luzea egiteko dago. 

Eskerrik asko ama eman eta erakutsi diguzun guztiagatik.

2020(e)ko urriaren 27(a), asteartea

Ez gaitezen etxean gelditu

 Zortzi hilabete daramatzagu covid gaitzaren ondorioak pairatzen, bai fisikoak eta psikologikoak. Gaur etxekoei deitu diet eta beldurtuta erantzun dit amak, berriz lehengo egoerara itzuliko ote garen galdetuz. Denok ditugu inguruan bakarrik bizi diren pertsonak, eta beraientzat bereziki bizi dugun egoera ez da batere samurra. Sentimenduak plazaratzeko eta konpartitzeko momentuak behar izaten ditugu, eta bakarrik egonda inguruan inor entzun eta erantzuteko ez dagoenean, gure tristura eta bakardadea areagotu egiten dira.

Bakardadea edo isolamendua gailentzeko, norbait gutaz gogoratzen den sentimendua indartu behar dugu. Idatzi, deitu, komunikatu edota beste ekintza interaktibo batzuk indartzeko momentua iritzi da berriz.

Zentsua eman behar diogu gure egoteari, norbait gure zain dagoela sentitu behar dugu, ez dago beste erremediorik. Bizi garela eta zerbait esateko eta egiteko dugun sentimendua geureganatu behar dugu. Bakardade sentimendua gugan gailentzen doan neurrian barrurako begirada gailentzen da.

Ez da erraza bakardade sentimendua alboratzea gure barruak kanpoko argia ikusten ez duenean. Argi bakarra gure gelako bonbillarena denean eta gainera zuri kolorekoa, ospitaletako gelatan aurkitzen dugun bezalakoa. Nora begiratu ez dakigunean, gure begirada paretako puntu baten fijo gelditzen denean. Soinurik entzuten ez dugunean, gure ahots hotz eta moztua besterik entzuten ez dugunean. 

Esan diezaiogun gure gertukoenari zer sentitzen dugun eta berarekin egoteko beharra dugula. Pentsatu eta asmatu dezagun gure aldamenean bizi den pertsonak zein behar izan ditzaken, eta gerturatu gaitezen berarengana. Txirrina jo eta galdetu diezaiogun zerbait behar ote duen. Zabaldu ditzagun ateak, soinuak usainak eta bestelako sentsazioak konpartitu ditzagun.

Ez gaitezen gure etxeetan itxirik gelditu, ahal den neurrian irten dezagun kalera eta eguneroko gure eginkizunak, erosketak, paseoa, txoriei jaten eman eta beste eginkizun batzuk egin ditzagun.


2020(e)ko ekainaren 16(a), asteartea

Kaiolatik kantuan

Udaberria gurean luze eta hotz pasatu da, pandemiak itxialdian egotera behartu gaitu. Kaiolako txoriak bezala eguzkiaren itzalpean kantu egin diogu udaberriari. Mokoa ondo zorrozteko denbora hartu dut itxialdian. Aitortu behar dut etxean hainbestean bizi garela, eta esaerak dioen bezala edozein txoriri eder bere habia.


Udarako koloreek eta beroak izarditan jartzen gaituzten bitartean, gure ingurua mugitzen hasten den bitartean, gure kaiola uzteko lehen pausuak egiten hasi gara. Kaiolako ateak zabalik ditugu baina ez gara urrutira joan. Gure inguruan ikusitakoak harritu gaitu, hala nola haurrak etxean, txakurrak kalean. Zer mundu da hau?

Apurka-apurka normaltasunera itzultzen ari gara, baina zein normaltasun? Anormaltasun zaharra da normaltasun berria. Lehen hala, orain hola, gero ez jakin nola. Mundu irreal baten bizi naizen irudipena daukat, norabide gabeko munduan. 



2020(e)ko otsailaren 20(a), osteguna

Komunikazioan gardentasun ezak herritarren konfiantzaren desegitea ekarri du Zaldibarko krisian

 Azkenengo egun hauetan komunikabide ezberdinen bitartez jarraitu dut Zaldibarko zabortegian gertatutakoa. Komunikabide eta sare sozialetako lerro eta zutabeak irakurriaz zer gertatu den jakin izan dut, eta azkenean ondorio batera heldu naiz, herritarrok politikoengan genuen konfiantza eskasa birrinduta gelditu dela.

 Zaldibarko krisi honetan komunikazioak kale egin du eta gardentasun falta izan da akatsik handiena. Komunikazio gardenaren eta konfiantzaren arteko erlazioa zuzena da, zenbat eta komunikazio gardenagoa orduan eta sinesgarritasun handiagoa eta konfiantza handiagoa. Eta politikan enpresan bezala gardentasun ezak konfiantza eza dakar.

 Arazo honek gure gizartean  politikoenganako konfiantza falta areagotu besterik ez du egin, gaur egungo panoraman nahiko zaila da politikan aritzeko pertsona osoak aurkitzea eta horrelako gertaerak oraindik eta gehiago zailtzen dute.

 Kasu hau sakonki aztertu beharko genuke, berriz horrelakorik gertatu ez dadin. Herritarrok kontzientziatu behar dugu, eraikitzen ari garen gizarte eredu hau sostengaezina da. Administrazioaren aldetik kontrol eskasa egon da, zabortegian isurtzen ziren hondakinen inguruan. Enpresaren aldetik, dirua epe motzean irabazteko grina, eta horrek ondorio larriak utzi ditu, bi langile lurperatuak, eta ingurunea hondatua gelditu da. Guzti honen atzean zein interes dauden ere ezin dugu ahaztu, zaborra gaur egun negozio handi bat da eta horretan enpresa handiak dabiltza.



Proiektu berri baten murgildurik

 Aurreko sarreran nire lan bilaketa prozesua proiektu sozialago batetara bideratu nahi nuela komentatu ondoren, hemen natorkizue zertan nabi...